giltzaperatutako sentimenduak

Giltzaperatutako sentimenduak

ageriko zirrikitu faltsuetatik ihes egin nahian dabiltza,

alperrik baina,

betiko preso izatera kondenatuta baitaude. 

Hertsitako sentimenduak

ez dira haizea laztanduko duten uhin bilakatuko,

ez eta eguzkiaren argiaz gozatuko duten hitz, keinu bihurtuko. 

Sentimendu zigortu horiek

ez dira imintzio txikiena ere izatera iritsiko

jaio zirenetik lau pareten artean hiltzera kondenatuta baitaude. 

Sortu ere, espezialistek diotenez, akatsez sortzen omen dira eta guk segituan mutazioen multzoan sailkatuko ditugu, beldurrez agian, penaz apika,baina lotsaturik ziur aski.

Eta geneen aldaketa baten esperoan edo geldituko gara, irtenbidea geure esku ez dagoela egotziz patuari, eta eskuak gurutzatu zain gelditzea ideia onena dela sinestaraziz geure buruari.

Zain, zain.

kazkabarra

Ganbarako sabai-leihoak gogor eusten du erasoa,

perkusio instrumentu zoroa bailitzan,

kantari. 

Maindire azpian uzkurtzen naiz.

Belaunak,

bularren aurka estutu eta besoez inguratu ditut. Kazkabarrak argizuloa kolpatzen duen eran,indarrez eraunsten nau burmuinean zure ausentziak

orbain sakonez josiz ene izate atsekabetua. 

Bai, kazkabarrak bost minutu iraungo du, baina, zu ez zara bueltatuko.

ilusioak

Ametsek amets izaten jarraituko dute beti,

ilusioek ilusio.

Eta beharrezkoak suertatuko dira,

utopiak alde batera utzita,

errealitate pairagarriago batekin amestu ahal izateko.

Ez daudenak ere hemen jarraituko dute beti,

etxetik urrun, 

baina, 

bihotzetik hurbil.

Eta denboraren agindupean,

irtenbideren baten zain gelditzeak zentzurik ba ote duen galdetuko diogu geure buruari;

ez dago, ordea, ezer zentzuzkorik,

ezer merezi duenik.

zurekin

Zurekin nagoenean,

Lurra, etengabe biraka egoteaz gogaiturik, espazioan pausatuko balitz,

ez nintzateke Eguzki Sistemaren Iraultza bihurri honetaz konturatu ere egingo.

Zurekin nagoenean,

Unibertsoak, bere osotasunean, existitzeari utziko balio,

ez nintzateke aldaketa hutsal horretaz jabetu ere egingo;

zurekin nagoenean,

zure begien itsasoan murgildurik bainago,

uhaitzaren agindupe gozoan.

Denok dugu ezkutuko maite bat;

                                   aurkitzea besterik ez da kontua.

Masailak koloreztatzen zaizkit
nigan pentsatzen duzula pentsatzen dudanean.
Belarriak gori-gori jartzen zaizkit
bufandaren azpian zure ezpainen kili-kiliak imajinatzen ditudanean.
Barrua irakiten sumatzen dut
zure gorputzaren isla nire burmuinean marrazten dudanean.

lainoak

Behin amestu nuen (egia esan oraindik ez naiz loalditik esnatzeko gai izan) hodeiez hodei saltoka ibili ginela, eskutik helduta, tinko, banantzeko arriskuak beldurtuko bagintu lez. Pausatu ginen, algodoi, elur edota irinezko gorputz bigun eta hegalari haien gainean, arnas berritzeko edo, saltoka aritzeaz nekatuta apika. Isiltasuna hautsi nuen:
 
            -Eta jauzi egingo bagenu?
            -Jauzi egin? Erotuta zaude.
            -Ez duzu hegan egin nahi, ala?
            Ez dugu hegan egingo, jausi egingo gara, lainorik ez dagoen zulo amaigabean, eta gureak egin du!
           
            Ez zenuen nirekin batera hegan egin nahi izan; izan ere, erortzeko beldur denak kostata lortuko du hegan egitea. Fobia; hori da arazoa.
            Zure eskua askatu eta besoak zabal-zabal eginda nituela besarkatu nuen atmosferaren freskotasuna, haize leunak aurpegia ferekatzen zidalarik. Sakon arnastu eta gorantz egin nuen so, zure begiak azkenekoz ikusteko. Ez nintzen erortzeko ikaraz, zeruko erregina sentitzen nintzen et ahori nahikoa zen ez jausteko; zure begirada umelak, ordea, zure eskua nirea estutzen ez sumatzeak, gure arteko distantzia handituz antzemateak beldurtu ninduen; eta erortzen hasi nintzen. Zu gabe erortzen.
            -Lagundu!
            Salto egin zenuen, begiak itxiz eta altuerari axolagabe erreparatuz. Eskua luzatu zenidan eta biok fobia utzi genuen erortzen, gugandik urruntzen, grabitateari burla eginez hegan hasi ginelarik.

zikloia

Dena eraman du haizeak. 

Eskuartean gelditzen zitzaidan itxaropen urria ere

harea lez erori zait behatz artetik,
-9,8 azelerazioz. 

Eraman ditu

nire itzala;
zure itzala.
Eta zurrunbiloaren barnean biraka dabilen hauts bihurtu naiz,
erdi zorabiaturik,
erdi kontziente,
haize boladaren norabidea nik zuzentzen dudala
eta zuhaitzen adarrek ferekatzen nautela
sinisten dut.
Eguzkiak neure itzala orpoetara josi
eta zeure itzala nirearen ondoan marraztuko duela
sinistu. 

Baina oka egiten dut

eta errealitatearen zapore mingotsa bart gauean jandako piperrenarekin nahasten da. 

Bai, zikloiak dena ostu dit

baina, ez du ezer ekarriko.

eguzkia

Haizeak lainoak daramatzala dirudi eta

eguzki printzez zipriztinduriko oasisa ikusi daiteke,

urrunean. 

Ez da baina oasisa,

desertu idorrean burmuinak egindako irudipena baizik, irudipen maltzurra. 

Hortaz, lainoek berriro estali dute eguzkia,edo ez dute inoiz begi bistan utzi,

ez behintzat niretzat;

zuri beltzezko pelikuletako soineko gorria lez

eguzkia pribilegiatuen pribilegioa da,

zure masailetan marrazten diren elutxen jabe den pribilegiatuarena, ziurrenik.

eskuraezina

Eskuraezina zara,

tonboletan zintzilik dagoen ilaunezko hartz erraldoia bezain eskuraezina.

Aho mutututik irteten den hitza,

-2ºC-tan urtzen den izotz puska                                                          

zara.

Itsuak ikusten duen argi izpi dirdiratsua,

potetxo batean harrapatzen dudan haizea   

zara.

Itsasertzean puskatzen ez den olatua,

melodia perfektu batean aditzen den nota desafinatua                                                                                 

zara.

Lortezina

zara.

Ikusi bai, baina, jabetza pribatukoa dena 

zara.

Salgai ez dagoen jabetza, jabea baduena jada. 

Hori guztia

                        ZARA

 

« Aurreko orrialdea Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4 Project-Id-Version: wpmu-eu-0.2 Report-Msgid-Bugs-To: POT-Creation-Date: 2006-11-24 00:05+0100 PO-Revision-Date: 2007-02-02 20:03+0100 Last-Translator: Jokin Lacalle Language-Team: MIME-Version: 1.0 Content-Type: text/plain; charset=UTF-8 Content-Transfer-Encoding: 8bit X-Generator: KBabel 1.11.4

Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5